X INTERNATIONAL ONTOLOGY CONGRESS

X CONGRESO INTERNACIONAL DE ONTOLOGÍA

  • Increase font size
  • Default font size
  • Decrease font size

physis

ZATIKI ELEMENTALETIK GIZA IZAERARA

 UNESCO

Daniel Dennett-en Ohorezko Lehendakaritzapean

Donostian 2012ko urriaren 1tik 6ra/Bartzelonan 2012ko urriaren 8 eta 9an

Proposatutako gaiei buruz:

Lehen aldiz 1993an egin zenetik, International Ontology Congress/Nazioarteko Ontologia Kongresuak oinarrizko filosofiak egiten dituen galderen muinaren egoera zein den ezartzea izan du helburutzat, beti ere gaurko gogoetaren argitan. Horregatik, bere Nazioarteko Batzorde Zientifiko Iraunkorrean, filosofoekin batera arte eta zientzia garaikideko goren mailako ordezkariak aurki ditzakegu. Kongresuaren ekitaldi gehienak UNESCOren babespean egin dira.

Begien bistakoa da naturari buruzko gogoeta filosofiko-ontologikoa, beste garai batean Naturaren Filosofiadeitua, ezin dela aurrera eraman “gaur egungo naturaren zientzian”, Heisenberg-en adierazpenaren arabera, sostengua bilatu gabe. Hain zuzen ere, Mekanika Kuantikoari, Genetikari edota Paleontologiari ezarri dakioke Hilbert matematikariak Cantor-en infinituari buruz zioena, hau da, planteatzen dituen problemen argitzeak “diziplina espezializatu bakar bati egokitu ez eta giza izpirituaren duintasunari berari eragiten dio”.

 

Naturaren filosofia baten oinarriak ezartzeko kezka, Nazioarteko Ontologia Kongresuak greziar filosofiako gai handiak biziberritzeko duen proiektuaren baitan funtsezko alderdi bat bezala ikus daiteke. Gai hauek gaur egungo argitan aztertu nahi ditu Kongresuak. Izan ere, arazoen eguneratzea etengabekoa da, dela datu zientifiko berriak azaltzen direlako, dela ikuspuntu filosofiko berrien saiakeragatik. Eta noski, naturarena funtsezko gai bat da. Aristotelesek galde egiten zion bere buruari Physis hari buruz, eta terminoa erabili zuen hala materia bizigabearen portaera itxurazkoa azaltzen duen huraxe nola espezie bizidunak elkarren artean bereizten dituzten ezaugarriak azaltzeko. Gizakia, animalia espezie bitxi hori, salbuespen izan gabe. Izan ere, gizakiaren izaerak, Aristotelesek dioskunez, ezagutzara bultzatzen du gizakia bera; ikuspuntu horren pean, Physisaren arazoa Antropologia Filosofikoaren arazo nagusi bihurtzen da.  

Kongresuko atalak:

1) Bere bilakabide propioaren abstrakzioa sekula egin ezin dezakeen diziplina da Filosofia. Hori dela eta, Kongresuak ikuspegi historiografiko eta filologikoari helduko dioten txosten asko espero ditu. Bereziki ongi etorriak izango dira greziar testuetan Physis terminoari ematen zaion erabilera jorratzen duten ekarpenak. Era berean, arreta berezia emango zaie naturaren ikusmoldeen bilakaera (bere adiera guztietan) aztertzen duten lanei, izan aurkikuntza zientifikoengatik, izan jarrera ideologiko edo erlijioso berrien etorreragatik.

Alderdi historiografikoaz haratago, kongresuak kontuan izango ditu physis (gaur egun fisika deituriko zientziaren objektu bezala zentzu hertsian hartuta) bíos (agian, genetikaren aurren aurreneko objektu) lógos (antropologiaren objektu, linguistika) sekuentziari grosso modo dagozkion alderdiak. Galdera egin diogu gure buruari, egungo zientziak zer aldaketa ekarri dituen Physisari buruz guk ditugun irudikapenen inguruan. Zientzialarien beraien laguntzarekin egingo dugu gainera, honako bi gai nagusi hauei buruzko egoera finkatzen saiatuko garelarik:

2) Gaur egungo fisikaren eta filosofia naturala eguneratzeko proiektuen (batzuetan, filosofoez gain, fisikariek iradokiak) artean dagoen berezko lotura. Mekanika Kuantikoak duen interes filosofiko handia azpimarratuko da, eta, zehazki, honek duen pisu ontologikoa. Diziplinaren egiaztapen batzuk gure arrazoiarentzako desafio bat direla agerian jartzen saiatuko gara. Izan ere, egiaztapen horiek bortxatu egiten dituzte oinarrizko natura gidatzen duten mekanismoen inguruan ditugun ideiak, eta ondorioz, haiei buruz dugun kontzeptu orokorra gainazpikatuko dute.

3) Genetika garaikidearen eta gure garaiko beharrei erantzungo dien Antropologia Filosofiko bat taxutzeko saiakeren arteko berezko lotura. Genetikari buruzko kontsideraziorekin abiatu arren, hausnarrak, ezinbestean, kontuan izan behar ditu Paleontologiaren aurkikuntzak (egiazki, gaur genetika beraren menpe), gizakiaren sorrerari dagokionean. Eta jakina, egiteko garrantzitsua beteko du Linguistikak, kasuren batean, halaber, genetikarekin lotua. Horixe bera azpimarratzera etorri zen orain urte batzuk arreta handia piztu zuen aurkikuntza interesgarri bat, hau da, foxp2 genean (forkheadbox p2ren laburdura) izandako mutazio berezi baten inplikazio gertagarria hizkuntzaren azaleratzean.

4) Ezin saihestuzko kontu bat da teknikarena, hain zuzen ere nanoteknologiena, nanozientziarekin lotuta baina ez bakarrik nanozientziara mugatuak. Auzi ontologikoa eta, oro har, naturaren filosofia, naturan existitzen ez diren gai nanomaterial berriak sortzeko aukeraren eraginpean-gaur egun, jada, egiazkoa- geratzen dira. Nola? Aldez aurretik existitzen diren materialen gainean arituz eta horiek aldatuz. Bere elektroien gainean eraginez, atomo baten egitura aldatzea ahalmentzen duten tresna teknologiko sofistikatuek eta atomo eta molekulen hiru dimentsioko simulazioek (errealitate birtuala) pisu handia dute hala physisaren nola hartaz gogoetan ari den gizakiaren kasuan ezaugarri oroezargarriak eta iraunkorrak ote dauden jakin nahi badugu. Izan ere, teknikaren auziaren (greziarren techné delakoa, orobat arte bezala itzul daitekeena) garrantzi antropologikoa izugarri handitzen da teknologiaren eta genetikaren arteko uztarketak aukera berri bati ateak ireki dizkion une jakin honetan: alegia, espezie batek modu erabakigarrian eragin dezakeela bere burua espezifikatzen duten ezaugarrien gainean. Konotazio etiko sakonak dituen ikuspuntua da, eta batzuk kezkatuta dauzkana, teknikak izan duen paper positiboa onartzen badute ere; esaterako, medikuntzaren alorrean modelizazio birtualak ekarritako aurrerapenen kasua.

 

Proposatutako gaien aurrekariak Nazioarteko Ontologia kongresuko aurreko ekitaldietan: 

Orain arte egin diren bederatzi ekitaldietatik lautan lortura partzial bat egon da oraingo ekitaldian pentsatutako gaiarekin:

Alde batetik, hirugarren eta laugarren kongresuek honako izenburua izan zuten hurrenez hurren, Physis from Greek Thougt to Quantum Mechanics eta Meta tà Physika: A tribute to John Bell. Biak ere UNESCOren babespean egin ziren, eta bertan Filosofia eta Fisikako pertsona ospetsuek parte hartu zuten, hala nola, Alain Aspect frantziarrak eta Willis Lamb Nobel saridun estatubatuarrak (biak ere kongresuko Nazioarteko Batzorde Zientifiko Iraunkorraren kide).

     -UNESCOren babespean eta Francisco Ayala genetikalariaren Ohorezko presidentziapean egindako V. Nazioarteko Ontologia Kongresuak honako izenburua eduki zuen: “Homologia genetikoa eta giza-singulartasuna”. Bertan, goren mailako filosofo eta biologoek parte hartu zuten, horien artean Christian de Duve Nobel saridunak. Gogoeta, arazoren muina jada hizkuntzaren pentsakizun esplizitura zabaldu zelarik, luzatu egin zen seigarren ekitaldian, hau ere UNESCOk babestua eta, oraingoan, Hilary Putnamen Ohorezko presidentziapean. Hizkuntzaren ikerlariek parte hartu zuten bertan, horien artean Steven Pinker.

           -VII. Ekitaldia honako izenburupean egin zen: Platonen kobazulotik Internetera: Benetakotasuna eta birtualtasuna. UNESCOren babespean egin zen eta ohorezko presidentea John Searle pentsalari amerikarra izan zen. Teknologiari arreta jartzen dion hurrengo kongresuko atalean, orduan landu ziren kezka batzuk berrartzen ditugu.   

 

 

Mailing List